Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Martutene
2008ko uztailak 20, Igandea

;2008-04-09;Harrera beroa egin diote Etxarrieneko kultur etxeari. Hilabete darama irekia eta arduradunak oso pozik daude, auzotar asko erabiltzen ari delako.

Harrera beroa egin diote Etxarrieneko kultur etxeari

Martutene

Hilabete darama irekia eta arduradunak oso pozik daude, auzotar asko erabiltzen ari delako.

raul perez

Duela hilabete zabaldu zuten Etxarriene kultur etxea. Bide luzea egin behar du hemendik aurrera, baina oraingoz bai langileak eta baita auzotarrak ere poz-pozik daude ekipamendu berriarekin.

Udaleko Gazte bulegoak kudeatzen du kultur etxea, baina adin guztietako auzotarrek dute hara joateko aukera. Astelehenetik larunbatera dago zabalik, arratsaldez. Itziar Bilbao kultur etxeko arduradun a oso pozik dago lehen asteotako jardunarekin. «Ikusi da auzoak ez zuela orain arte horrelako ekipamendurik eta premia eta gogoa bazegoela. Horregatik izan dira horrenbeste erabiltzaile lehen aste hauetan». Adsiseko kide Yolanda Martinek ¬elkarte horrek kudeatzen du ekipamendua¬ gaineratu duenez, «auzoan haur asko dago eta bai umeak bai familiak oso pozik ikusten ditugu». Martinek urteak daramatza lanean gaztelekuan eta Etxarrieneko sortze prozesua nola izan den gertutik jarraitu du. «Auzo osoaren proiektua izan da. Bagenekien jendea noiz irekiko zain zegoela, ilusioz, eta lehen asteotako datuek hori islatzen dute».

Etxarrienera sartu eta eskuinetara erabilera libreko ordenagailuak daude albo batean eta ikastaroak emateko hiru areto bestean . Auzo elkartearen ekimenez solfeo ikastaroak ematen dituzte Martutenen. Lehen auzo elkartearen egoitzan ematen zituzten eta hemendik aurrera Etxarrienen emango dituzte. Beste areto batean informatika eskolak ematen dituzte. E-donostia.net-en izena eman besterik ez da behar ikastarootan parte hartzeko. Hau da, ez da ezer ordaindu behar. Ikastarooi esker helduek ordenagailua erabiltzen ikas dezakete. Bernardino Rodriguez da ikastarootan parte hartzen ari den auzotarretako bat. «Emazteak bultzatuta hasi naiz. Arratoiarekin eta ez naiz oso ondo moldatzen, baina tira», dio Rodriguezek.

Haur txoko arrakastatsua

Aretoak pasata haur txokoa dago. Bertako arduradunak oso pozik daude. Mahai-jolasak, jolas kooperatiboak, eskulanak, espresio lantegiak... Hamaika jarduera egiten dituzte bertan, hiru hezitzaileren gidaritzapean. 120 haur pasatu dira honezkero haur txokotik eta egunean 35-40 haur izaten dira. Haietako batzuk arratsaldero joaten dira eta beste batzuk egun jakin batzuetan. «Hasi ginenean ez genekien zer nolako harrera izango zuen, baina argi geratu da beharra bazegoela», azaldu du hezitzaileetako batek.

Marisol Txominenean bizi da eta seme alabekin joaten da noizbehinka Etxarrienera. Alabak haurtxokoko eskulanekin gozatzen du gehien. Semeak, aldiz, ordenagailuan saltzeatzen. Batez ere, larunbat arratsaldetan zabalik egotea estimatzen du Marisolek. «Gainera, lehen ikastolako mediatekan haurrekin eta iskanbila handia zegoen. Orain, aldiz, nolabait esateko ekipamenduak hobeto banatuta daude. Mediatekak liburutegi gisa funtzionatzen du eta haurrek badute haur txokora jotzea», erantsi du.

Maiatzan, Poltsiko Antzerkiko bi emanaldi

Sarreraren beste aldean, ezkerrean, hainbat erabileratarako aretoa dago. Ibaiertz abesbatza erabiltzen ari da aretoa entseatzeko. Hain justu, bihar egingo dute bertan lehen entsegua taldeko kide guztiek.

Bestalde, hemendik aurrera, hilabetero kultur ekitaldi bat edo beste antolatuko dute areto horretan: ipuin kontalariak, antzezlanak... Maiatzan, esate baterako, Poltsiko Antzerki programazioaren bi emanaldi izango dira.

############

Informatika ikastaroetan parte hartzeko e-donostia.net-en izena eman besterik ez dago

############

############

Datua

120 haur inguru pasatu dira haur txokotik Etxarriene zabaldu zutenetik.

############

Agenda

Musika

La pegatina musika talde katalanaren kontzertua
LOIOLA, Miner taberna Loiola - 2008-07-20

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.