
Martuteneko institutua auzoarentzako ekipamendu bilakatzea eskatu dute
Martutene
1.000tik gora sinadura bildu dituzte; zahar etxea, kultur etxea, kiroldegia edo osasun etxea egitea nahi dute.
raul perez
Martuteneko auzo elkarteak 1.000 sinaduratik gora bildu ditu institutua lurrera bota ez dezaten. Auzo elkarteak eraikina kultur ekipamendu bihurtzea nahi du. Sinadurak Arantxa Laka Hezkuntza saileko Gipuzkoako ordezkariak jasotzea nahi dute.
Eraikina institutua izan zen, harik eta 2002-2003 ikasturtearen bukaeran Hezkuntza sailak itxi egin zuen arte, nahikoa ikaslerik ez zegoela argudiatuta. Ordutik hona itxita egon da eraikina. Bertan Musikene jarriko zutela zabaldu zen, baina azkenean Musikene Ibaetara eramango dute.
Azken urteetan zenbait pertsonek eraikina hartu zuten bizitoki eta hori ikusirik, azkenean Jaurlaritzak eraikina botatzea erabaki du. Dagoeneko eskatua du etxea botatzeko baimena, baina ez du zehaztu zer erabilpen emango dioten.
Kanpoaldea ondo omen dago
Auzo elkarteak arrazoitu duenez, eraikina barrutik oso gaizki dago, baina kanpoaldea egora onean dago. Hori dela-eta, ez zaie ezinbestekoa iruditzen eraikina lurrera botatzea. Auzotarrek, gainera, uste dute Martutenek ekipamendu premia duela, eta institutu izandako eraikinean, kultur etxea, kirol degia, zahar etxea edo osasun etxea egin lezaketela diote. «Ez dugu inondik inora etxe gehiagorik nahi; nahikoa etxe egingo dituzte Antondegin. Osasun etxearen beharra, aldiz, agerikoa da. Ez omen gara nahikoa biztanle gaur egun osasun etxea egiteko, baina inguruan egingo dituzten etxe guztiekin gutxieneko biztanle kopurua erraz gaindituko dugu», azaldu dute.
############
Auzo elkarteak dioenez, ez dago eraikina zertan bota, kanpoaldea ondo dagoelako
############
############
Dantzalekua, patinaje aretoa eta komentua institutu izan aurretik
Auzo elkarteko kideek erantsi dutenez, Martutenen estimu handia diote etxe horri: «Oso gurea da», diote. Urtetan dantzalekua eta patinaje aretoa izan zen bertan ¬Martutenek jolas parkea izan zuen garaian, XX. mendearen hasieran¬. Ondoren komentua izan zen eraikina, Agustindarren kongregazioko fraideena hain zuzen ere. Arantzazuko Ama ikastolak ere izan zuen egoitza zenbait urtetan toki horretan Lanbide Heziketa eskola bihurtu aurretik.
############
############
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.