
Hilaren 13an 100 urte beteko dira Martuteneko zezen plaza zabaldu zutenetik. Ez zuen batere arrakastarik izan eta hori dela-eta 15 urte geroago, 1923an, lurrera bota zuten.
Ezin izan zioten adarretatik heldu
raul perez
Txofreko zezen plazak izan zuen arrakasta gehien XX. mendearen hasieran. Ez zen, ordea, hiriko zezen plaza bakarra izan. Izan ere, Martutenek ere zezen plaza izan zuen. Asteartean, hilak 13, 100 urte beteko dira Martuteneko zezen plaza inauguratu zutela. Gutxi iraun zuen, dena dela, 1923an lurrera bota baitzuten. Antolatutako ekitaldiak ez ziren batere arrakastatsuak izan eta liskar dezente izan ziren, gainera.
XX. mendearen hasieran Martutene bizitegi-auzoa bihurtzeko urratsak eman zituzten. Txaletak egin zituzten, eta baita jolas-parkea ere. Kursaala eta Campos Eliseos-en garaia zen. Martutenen dantzaldiak eta antzeko ekitaldiak egiten zituztenekoa. Testuinguru horretan, zezen plaza egiteari ekin zion Horacio Azqueta eta Vicente Mendizabal y Cia eraikuntza enpresa buru zituen donostiar talde batek . Augusto Agirre arkitektoak diseinatu zuen estalitako zezen plaza. Sustatzaileek edozein modutan ez zuten gunea soilik zezzenketarako izatea nahi. Horren adierazgarri, proiektuan ageri zen izena Ikuskizun Publikoen Plaza. Geroago, lehen ikuskizunak iragartzeko orduan, Martuteneko Estalitako Plaza izena erabili zuten. Zezen plaza zenik ez zen ageri. Francisco Tuduri Esnalek Zezenak dira liburuan dioenez, bultzatzaileak 100 urte aurreratu ziren. XXI. mendeko zezen plazari aurrea hartu zioten, nolabait, zezenketetarako ez ezik, beste hainbat jardueratako ere erabili nahi baitzuten. Lau ate zituen plazak ¬hiru harmailetara joateko eta beste bat palkora joateko¬ eta beste edozein zezen plazak bezala, erizaindegia eta ukuilua bazituen.
Inaugurazio egunerako Richard Strauss maisuak zuzendutako Berlingo Orkestra Sinfonikoak kontzertua eman zuen. Eguerdiko ordubietatik aurrera tranbia zerbitzu bereziak jarri zituzten Martutenera joan ahal izateko. Txalupaz ere joateko aukera bazegoen. 11 eserlekuko palkoarengatik 70 pezeta ordaindu behar izan zen egun hartan, eta zutik egoteagatik, bi pezeta. Kontuak kontu, inaugurazio hura ez zen nahi bezain arrakastatsua izan. Etorkizunean gertatuko zenaren aurrerapena baino ez zen izan.
Bost egun geroago, Donostiako Orfeoiak eskaini zuen kontzertua eta ekainaren 7an egin zuten lehendabiziko nobillada. Jende gutxi joan zen, eta gainera liskarra izan zen. Zenbait ikuslek plazara jauzi egin zuten eta nobilleroek eta jauzi egindako ikusleek mutur-joka bukatu zuten. Parodiak ere izan ziren Martuteneko plazan eta baita borroka librea ere.
Liskar gehiago
1910ean enpresa txiki batek hartu zuen plaza bere gain, baina ezin izan zuen bere onera eraman. Are gehiago liskarrak areagotu egin ziren. Martxoaren 13an izandako ikuskizunean bildutakoek harriak bota zituzten eta kristalezko estalkia apurtu zuten. Handik gutxira egindako ikuskizunera joandakoak ez ziren batere konforme geratu eta manifestazioa egin zuten Espainiako Gobernuaren egoitzara; sarreraren truke ordaindutako dirua bueltatzea nahi zuten.
Suspertzeko azken saiakera
Hiru urte eman zituen itxita plazak, harik eta 1915ean enpresari batek lema hartu zuen arte. Nobilladei ekin zien. Antza, zezen plaza txikiegia zen zezenketa arruntak antolatzeko.
Saiakerak saiakera, aurretik izandako liskarrak ez ziren berriro ere gertatu, baina arlo ekonomikoari dagokionez, ezin izan zioten buelta eman. Azkenean, 1923an lurrera bota zuten Martuteneko Estalitako Plaza. Beraz, hamabost urte baino ez zituen iraun.
Urte batzuk geroago, Martutenen zabaldutako jolas parkea ere itxi behar izan zuten. Zezen plaza, Kursaala, Campos Eliseos... Auzotarren buruan bakarrik gelditzen diren izenak besterik ez dira horiek guztiak. Hori, eta auzoaren historiaren parte bat.
############
Arrastorik badago oraindik
Martuteneko zenbait etxe zezen plazaren materialarekin egin zituzten eta oraindik zutik jarraitzen dute.
r. perez
Zezen plaza 1923an itxi eta bota egin zuten. 85 urte igaro dira ordutik. Hala eta guztiz ere, oraindik bada haren arrastorik Martutenen. Izan ere, plaza lurrera bota zutenean , plazako bultzatzaileek galdutako dirua berreskuratzeko aukera ikusi zuten haren tokian etxeak eginda, plazako materialarekin gainera. Maite Alberok Altza Hautsa Kenduz VIII. liburuan azaldu zuenez , Trinkete tabernaren pareko kaleskako etxeetako batzuek zezen plazako leihoak dituzte.
Etxe horietako batean, ate bateko ate-zangoa kentzean, igeltseroek zezen plazako harmailatako baten inskripzioa topatu zuten, zenbaki eta guzti. Etxe horietako batzuk urte gutxiren buruan desagertu daitezke, ibaia zabaltzeko lanak direla-eta.
############
############
Richard Strauss maisuak zuzendutako Berlingo Orkestra Sinfonikoak jo zuen inaugurazio egunean
Augusto Agirre arkitektoak diseinatu zuen estalitako zezen plaza
############
############
2.500
eserleku. Plazak 2.500 eserleku zituen. Zutik beste hainbat lagunentzako tokia zegoen.
############
Musika
La pegatina musika talde katalanaren kontzertua
LOIOLA, Miner taberna Loiola - 2008-07-20
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.