Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Martutene
2008ko abenduak 5, Ostirala

;2008-09-06;Bruesa Gipuzkoa Basketeko jokalari eta teknikoak, gogotsu liga hasteko. Taldeko jokalariek azken partida txarraren ondoren lasaitasuna eskatu dute eta taldea ondo dagoela diote.

Bruesa Gipuzkoa Basketeko jokalari eta teknikoak, gogotsu liga hasteko

Saskibaloia

Taldeko jokalariek azken partida txarraren ondoren lasaitasuna eskatu dute eta taldea ondo dagoela diote.

ion lopez

Illunbeko zezen plaza neguan izaten duen itxura hartzen ari da berriro ere. Zezenketetako animalien usaina oraindik nabarmena da Bruesako jokalarien aldagelen alboko ikuiluetan eta zezen plazako harea estaltzen duen parketaren inguruan egoten den publizitatea oraindik gordeta dago. Hala ere, Pablo Lasok aurten osatu duen taldea aurredenboraldian murgilduta dago eta bertan egin ditu entrenamendu gehienak.

Klubak ohikoa duen bezala, jokalariekin hitz egin ahal izateko aukera izan zuten atzo kazetariek eta haien iritziak jaso ahal izan zituzten. Taldeko jokalari beteranoenetako batek, Ricardo Urizek, ideiak oso garbi zituen atzoko entrenamenduaren aurretik: «Aurredenboraldia ondo egiten ari garela uste dut. Ez dugu lesiorik izan orain arte eta nahiz eta orain arteko lana nahiko gogorra izan den, horrek datorkigun denboraldi luzean onurak ekarriko dizkigula uste dut».

Joan den astean Breoganen aurka galdutako partidak ez diela minik egin azaldu zuen Urizek: «Garbi dago ACBko talde bati LEBeko batek 30 puntugatik irabaztea ez dela gauza erraza ulertzeko. Baina aurreko egunean lan gogorra egin genuen pisuak altxatzen eta agian horrek azken laurdenean eragin ahal izan zigun. Hala ere, aurredenboraldian gaude eta orain entrenatzaileak nahi duen jokatzeko sistema ikasteko garaia dugu guztiok».

Roe, Popovic eta Marconato

Aurten egin dituen fitxaketen artean Lou Roe da garrantzitsuenetakoa, nahiz eta Denis Marconato italiarrak izan duen oihartzun gehien. Roe-ren esperientzia duen jokalari batek oso gauza garrantzitsuak ekarri diezaizkioke Bruesari. Oso forma onean dagoen itxura eman zuen atzoko saioan gainera.

Denis Marconatok esan zuenez, «oso proiektu erakargarri batera iritsi naiz eta hiria zoragarria da. Taldekideekin gainera, giro bereziki ona dagoela iruditzen zait». Gogotsu dabilela ikusten zaio Bartzelonatik etorritako pibot italiarrari.

Isaac Lopez, ACBn

Isaac Lopez aurten ACBn ariko da lehen aldiz: «Gogotsu nago baina orain aurredenboraldia ondo egitea da garrantzitsuena eta taldeko jokoa ongi ikastea».

############

«Egin diren fitxaketengatik ez dut uste presio gehiago izango denik»

David Doblas ðBruesa Gipuzkoa Basketeko kapitaina

Elkarrizketa

Jokalari kantabriarra da Bruesaren izpiritua kantxa barruan, berak azaldu ditu aurtengo ligarako dituen sentsazioak.

i. l.

Beti bezala irribarretsu eta adeitasunez hartu du David Doblasek kazetaria Illunbeko kantxaren erdian. Elkarrizketa guztian zehar ez du baloia askatu. Aurten bere urtea izatea nahi du kantabriarrak.

Azken adiskidantzazko partidan galtzeak min egin al dizue?

LEB Ligako talde batekin 30 puntuz galtzea ez da erraza. Hala ere haiek motibazio berezia zuten iazko lauko finalean irabazi genielako. Nahiz eta galdu, lehenengo zati txukuna egin genuela uste dut.

Nola hartu dituzue aurtengo taldekide berriak?

Esperientzia handiko jokalariak dira eta ez dute arazorik izan. Hopkinsek eta Pankok Lou Roe aurretik ezagutzen zuten eta gainontzekoak besteokin oso gustora daude. Talde polita daukagu.

Presio handia izango ote da aurtengo fitxaketekin?

Ez dut uste fitxaketak direla eta presioa handiagoa izango denik. Igo berriak gara baina nik uste dut gauzak ongi egiten baditugu paperean gu baino indartsuagoak diren taldeak mendera ditzakegula.

Mailari eustea ez den beste helbururik izan al dezake taldeak?

Ez. Esan bezala, talde polita daukagu baina gure helburuak garbi izan behar ditugu eta aurten mantentzea da helburua.

############

Agenda

Erakusketa

Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
EGIA, Tabakaleran - 2008-10-24

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.