
Meryl Streepek eta Antonio Banderasek jasoko dute Donostia Saria
Zinemaldia
Jonathan Demme 'Philadelphia' edo 'The Silence of the Lambs' bezalako lanen zuzendaria izango da epaimahaiburua.
nerea lizarralde
Uztailetik Donostiako Zinemaldiak pixkanaka eta tantaka ezagutzera eman ditu aurtengo edizioko film parte hartzaileak, estreinaldiak eta beste hainbat xehetasun. Atzo, aurkezpen ofizialean zinema jaialdiaren sekreturik kuttunena kontatu zuen azkenean Mikel Olaziregi zuzendariak, Meryl Streep estatubatuarrak eta Antonio Banderas aktore espainiarrak jasoko dituzte aurtengo Donostia Sariak.
Meryl Streep emakumezko aktore garaikide onena dela esan ohi da. Aparteko ibilbidea egin du, eta talentu handia dauka zinemarako eta antzerkirako, komediarako eta dramarako, musikalerako eta narraziorako, dokumentaletan zein haurrentzako ipuinetan.
Oscar sarietarako izendapen gehien lortu dituen emakumezko aktorea da Meryl Streep (New Jersey, AEB,1949), 14 hain zuzen, baita Urrezko Globoetarako ere, 21 guztira. Naturaltasuna eta oreka izan dira bere ibilbide trinkoaren giltza. Clint Eastwoodek eskainitako The Bridges of Madison County, Robert de Nirorekin izan da Marvin´s Room-en eta Robert Redfordekin Lions for Lambs filmean... Nortasun handiko emakume adoretsuak ere interpretatu ditu Out of Africa, Sophie´s Choice edo Kramer vs. Kramer lanetan. Duela bi urte The Devil wears Prada filmean ikusteko aukera izan zuten bere jarraitzaileek Zinemaldiako Sail Ofizialean.
Aktorea, abeslaria, ekoizlea, zuzendaria... 1982an Pedro Almodovarren Laberinto de pasiones filmean lan egin zuen Malagako mutiko lotsati eta isil hura, egun nazioarteko izarrik ezagunetarikoa da. Aktore espainiarren hurrengo belaunaldiari mundu osorako ateak ireki dizkio gainera. Zinemaldian La corte del faraon, 27 horas, Si te dicen que cai, Contra el viento, La mascara del zorro eta Crazy in Alabama filmeekin izan da. Aurtengo inaugurazioko The Other Man filmeko protagonista da Liam Neesonekin batera.
Jonathan Demme zinemagilea, epaimahai burua
Zinema aretotan arrakasta gehien izan duen Tropic Thunder film estatubatuarretik Jaime Rosalesen Tiro en la cabeza bezalako apustu erradikal eta arriskatuetara. Denetik izango da Zinemaldiaren argipean. Mikel Olaziregik gainera Jaialdiak azken hiru urteetan jaso dituen lanen gorakada azpimarratu du: «Duela hiru urte 400 proposamen jaso ohi genituen eta aurten, ordea, 2100».
Sail Ofizialak herrialde guztietako zuzendari ezagunak bilduko ditu: Kim Ki-duk, Michael WInterbottom, Daniel Burman, Samira Makhmalbaf... 19 film izango dira eta horietatik 15 lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko. Jonathan Demme izango da sail honetako epaimahai burua. Zuzendaria bera bi lanekin etorriko da Donostiara: Rachel Getting Married eta Neil Young Trunk Show: Scenes From a Concert. Zabaltegin berriz etorkizunean zuzendari handiak izan daitezkeen lanak izango dira ikusgai. Familiaren gaia islatu dute gehienek. Irribarre nahiz malkoak eragingo dituen saila izango dela azaldu dute. Beste jaialdietatik ekarritako bitxien artean Woody Allenen Vicky Cristina Barcelona filma izango da.
Euskal Zinemaren Egunean lau estreinaldi izango dira. Atal honek gainera hainbat berritasun izango ditu aurten.
Mario Monicelli eta Terence Davies zuzendariei buruzko eta Japonia Beltzean atzera begirakoak ere zinemazaleen altxorrak izango dira aurten. Urteko 145 film eta atzera begirakoetako 93 film proiektatuko dira guztira.
############
KOLDO ALMANDOZ DONOSTIARRA ZABALTEGIKO EPAIMAHAIKIDE
Zuzendari Berriak Sariaren epaimahaian parte hartuko du Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak. Duela hamar urte Zinemaldiko Zabaltegin, hain zuzen, estreinatu zuen bere lehen film laburra, Razielen itzulera. Orduz geroztik film laburrak egiten dihardu eta egun ez du film luzerik egiteko asmorik. Ohiko lagun eta lankideekin modu independiente eta autonomoan ekoizten ditu bere lanak: A dar ba kar (2000), Belarra (2002), Amuak (2004) eta Columba Palumbus (2007) dira bere film garrantzitsuenak.
############
Erakusketa
Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
EGIA, Tabakaleran - 2008-10-24
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.