Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Martutene
2008ko abenduak 4, Osteguna

;2008-09-06; IRITZIA. Erabat magikoa. MONTSERRAT AUZMENDI. Musika kritikaria

Erabat magikoa

Iritzia

Montserrat Auzmendi

Musika kritikaria

Jakin-mina sortu zuen aurreko ostegunean Victoria Eugenia Antzokian programatuta zegoen Aingeru Zigilatua izeneko koru- eta dantza-ikuskizunak. Printzipioz, pentsa zitekeen liturgia ortodoxorako egindako musika gaur egungo estiloko balletarekin nahastea apustu arriskutsua izango zela, apurtzailea. Bada, ez. Rodion Shchedrin konpositoreak orain dela hogei urte burututako liturgia eder hau musika erlijioso errusiarraren antzinako tradizioetan oinarritzen da, eta doinu horien purutasuna mantentzen du. Bestalde, Lars Scheibner koreografoak eta Stefan Parkman-ek, Berlingo Irratiko Koruaren zuzendariak, Musika Hamabostaldira ekarri duten espektakulua egin zutenean, jakin zuten zerbait indartsu eta zirraragarria irudikatzen taula gainean, baina musika horren zentzua eta funtsa perbertitu gabe.

Abesbatza oso ona

Halaxe suertatu zen, bada. Ordubete iraun zuen koru eta bost dantzarirentzako drama hau hunkigarria izan zen hasieratik bukaeraraino. Azpimarratu beharrekoa da, hasteko, abesbatzaren kalitatea. Lehenengo kontaktua publikoarekin inpaktantea izan zen, oso. Koruaren berrogeita hamabost kide, beltzez jantzita, eta bakoitza argi txiki batekin, besaulki-patiotik eszenatokira hurbildu ziren, obraren lehenengo zatiaren hasieran melodia baketsua kantatuz. Entzun genituen pianissimi-ak zoragarriak izan ziren.

Handik aurrera saioa ezin hobeki bilakatu zen. Zati bakoitzarekin --bederatzi zatiz osatzen da Shchedrinen lana- gehitu egiten zen musikaren intentsitatea, Aita Gurera iritsi arte, bukaeran berriro giro lasaia berreskuratzeko. Oso ahots homogeneoak ditu abesbatzak. Primeran aritu ziren uneoro. Bakarlariak ere bai. Haien artean, bi ume izan ziren protagonista. Ze ahots politak eta ondo landuak erakutsi zituzten!

Koreografia minimalista zen, baina ez sinplea. Oso ondo egokitzen ziren mugimenduak eta dantzarien espresioa musika-zati bakoitzaren girora, baina kontraste bat markatuz. Esan genezake dantzak gizakiaren larritasuna irudikatzen zuela, musikaren lasaitasunaren aurrean, baina interferentziarik sortu gabe.

Soinu tresna bakarra flauta izan zen, batzuetan diskurtso musikala mozten zuena, nahita, noski. Gergely Bodoky flauta jole hungariarrak ondo bete zuen bere lana. Interprete guztien artean benetako lilura hedatu zuten antzokian.

############

Hamabostaldia

Kontzertua. Berlingo Irratiko abesbatza

Eguna. Irailaren 4a.

Lekua. Victoria Eugenia.

############

Agenda

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.